Nazioarteko estreinaldia
Gyeonggiko probintzian, hegoari begira dagoen etxe bat dago. Ama, aita, aitona eta lauok bizi gara han. Haiek beren espazioan ematen dituzte egunak. Soinuek etxea zeharkatzen dute, bai barnetik, bai kanpotik.
Zer behar da pelikula bat egiteko? Batzuetan, milaka gauza. Beste batzuetan, ezer gutxi. Etxe bat, adibidez. Etxean, familia bat. Emakume bat eta hiru gizon. Hiru gizonak emakumearen aita, senarra eta semea dira. Haietako bat ez dugu inoiz ikusten. Semea da. Filmatzen ari da, ikusezin, isilik. Etxea filmatzen du: haren lerroak, ihespuntuak, argiak, islak, itzalak, bertan bizi diren pertsonak… Azken horiek gutxi hitz egiten dute. Batzuetan elkarrekin jaten dute; ura berotzen dute; pertsianak igo eta jaisten dituzte; otoitz egiten dute; telebista ikusten dute… Emakumea lurrean esertzen da beti. Senarra, batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Semeak filmatzen du hori dena. Eta, gainera, soinua grabatzen du. Pelikula hau ikusi egin behar da, baina baita entzun ere. Etxe bat bertako soinuak ere bada. Barrutik datozen soinuak eta kanpotik datozenak. Soinuak itzalen eta islen parekoak dira. Espazioa zeharkatzen dute. Eraldatu egiten dute. Haiei esker intentsitate handiagoz ikusten dugu irudian ageri dena, baina ageri ez dena ere ikusarazten digute, edo irudikarazi. Ur berogailu bat, tantaka ari den txorrota bat edo aireztapen etengabea etxeko biztanle bizigabeak dira, emakumea eta gizonak bezain erregularrak. Zer ari da gertatzen? Leku bat baino ez dela eta ez dela ezer gertatzen ari pentsatu beharko dugu, poema ezagun batean bezala? Agian. Baina, film barrutik, ahotsa goratu gabe, beste poema baten oroitzapena datorkigu. Poema zinematografiko bat. Haren kartela begira daukagu, ate batean itsatsita: How Green Was My Valley. Gogoratzen dugu. Familia baten istorioa zen, eta baita etxe batena ere. Pelikula hark abestiak, konposizio txundigarriak eta argi ahaztezina zeuzkan. Era berean, familiaren etxeari eskainitako agur luze, maitekor eta hunkitua zen. Orain ikusten ari garen filma karteleko pelikula bezain zorrotza izango da? Hura bezain isila eta aldi berean soinuz betea? Agur luze bat? Agian. Ezerk ez du hori iradokitzen. Filmak ez gaitu hori pentsatzera behartzen. Ez gaitu ezer pentsatzera behartzen. Etxean sartu, eta ikusi eta entzutera gonbidatzen gaitu
Pablo García Canga